Songs

Gitarrarekin / abestiekin
“Artista intimoetan intimoena izan da beti Ainara. Bere abestiak laguntza adoretsu, ulerkor eta argigarri dira, eta amaieran bere ausardia eskertu besterik ezin dugu egin.”

(Chris Eckman)

Ainara LeGardonek bi hamarkada luze darama Europa (Frantzia, Italia, Belgika, Holanda, Alemania) eta Estatu Batuetako eszenatokiak zapaltzen; haien artean, New Yorkeko CBGB klub ospetsua.

2003an bere diskoetxe propioa sortu zuen, Winslow Lab izenekoa. Zigilu horretan argitaratu ditu bere bakarkako lan guztiak (“In the mirror” -2003-, “Each Day A Lie” -2005-, “Forgive Me If I Don´t Come Home to Sleep Tonight” -2009-, “We Once Wished” -2011- eta “Every Minute” -2014-, azken biak Aloud Music Ltd.-rekin batera argitaratuak). Kritika ezin hobeak izan dituzte eta zaletu askok harrera beroa egin die.

Bere ibilbide koherenteari eta diskurtso sinesgarriari esker, Ainara estatuko folk-rockeko ezinbesteko erreferentzia bihurtu da, eta bere diskoetan eta zuzenekoetan musikari ospetsu askoren laguntza izan du: Chris Eckman (The Walkabouts) –lehenengo bi diskoetako ekoizlea-, Joe Skyward (Posies, Sunny Day Real Estate, The Walkabouts), Hannot Mintegia (Audience), Javier Díez-Ena (Dead Capo, Ginferno), Rubén Martínez (Tokyo Sex Destruction, Maika Makovski) eta Héctor Bardisa (Flyingpigmatanza).

Bestalde, Shannon Wright, Thalia Zedek, Dayna Kurtz, The Walkabouts, Bonnie `Prince´ Billy & Matt Sweeney, Karate, Giant Sand, Damien Jurado edo Lisabörekin partekatu du kartela eta, besteak beste, FIB (Festival Internacional de Benicassim), Primavera Sound, Bilbao BBK Live, Monkey Week, Lemon Day eta Faraday jaialdietan aritu izan da.

Bere konposizioek ikusizko zenbait lan girotu dituzte; esaterako “Abre los ojos” luzemetraia (Alejandro Amenábar, 1997) eta Álvaro Sanzen dokumentalak; haietako azkena, estreinatu berri den “Hoy es primavera” (2014).

Estetika soil eta berezko intentsitate emozionaletik haratago, Ainararen musikaren onestasunak hunkitu egiten du, eta adierazkortasun aberatsari esker, entzutearen poderioz, geure buruaren inguruko aspektu berriak ezagutarazten dizkigu.