Sounds

Inprobisazioa / Musika esperimentala / Soinu-artea
“Ainara oholtzaz jabetzen da Eguzkiak zeruaz jabetzen den eran, eta “izan” aditza balentria baten deskribapen bihurtzen du.”

(Wade Matthews)

Lan emankorra egiten du Ainara LeGardonek inprobisazioan, musika esperimentalean eta soinuzko artearen eremuan, bai bakarka, bai zenbait kolektibotako partaide gisa.

Sormen-prozesuak lekuan lekuko historia eta baldintza akustikoekiko elkarreraginean du ardatz. Site specific jarduerari inprobisazio asketik heltzen dio, ahots hutsaz baliatuz, eta baliabide tekniko gutxi batzuk erabiliz: zinta-oihartzun analogikoa, mikrofonoak eta gorputzean jartzen dituen kontaktu-pastillak, aldean daramatzan anplifikagailuei konektatuta. Elementu eta testura horiekin denbora errealeko elkarrizketa bat sortzen du, organikoa eta aldakorra.

Álvaro Barriusorekin osatzen duen Archipiel ahotsezko bikotearekin poesia fonetiko eta bisualaren esparruan murgiltzen da, baita estrategia sortzaileen erabileran ere, jolas-gisa: proposamen independenteen aldiberekotasuna, zarata eta isiltasunaren erabilera diskurtso musikalaren helmuga eta lehengai gisa, eta konduzkioa, keinua kode komun gisa erabilita.

Musika-inprobisazio kolektiboan barneratzen da maDam kolektiboko partaide gisa. Entzutea elementu aktibotzat hartzen du maDam-ek Radu Malfatti, Michael Pisaro, John Cage eta abarren konposizioei heltzeko, indeterminazioaren eta taldea/norbanakoa harremanen inguruan hausnartzeko bide ematen baitute.

Naiel Ibarrola edota Ged Barry (eta La Criatura, bere taldea) artistekin, instrukziozko partiturek eta partitura grafikoek ematen dituzten sormen-aukeretan sakontzen du.

FOCO Orkestrarekin -Europako inprobiazio-orkestra zaharrena eta aktiboena, 1996an sortua- Fred Frith, Josep María Balanyà, Agustí Fernández, Chefa Alonso, Maggie Nicols eta Terry Day-ren mailako musikarien gidaritzapean aritu izan da.

Horrez gain, musika inprobisatua eta arte garaikidea zabaltzea helburu duten zenbait kultur elkartetako kide da.

2015ean egoitza artistiko batean hartu du parte 2016ko Europako bi Kultur Hiriburuetan -Wroclaw (Polonia) eta Donostia- “El deseo como cemento” (Desira, zementu) proiektua egiteko. Bertan bi hiriok lotu ditu soinuaren bidez. Horrez gain, aukeratua izan da 2016an instalazio bat egiteko Jaime de los Ríos media-artistarekin, Donostiako Cemento Rezola museoan.